Balio Faktorian, hil honetako helburua da gogoeta egitea kontsumoak ezkutatzen dituen indarkeria matxistei buruz nahiz kontsumo horrek ematen digun zoriontasun-sentsazio faltsuari buruz.
Azaroa hil berezia da SETEMentzat, bi egun nabarmen elkartzen direlako: batetik, ‘Black Friday’ delakoa (guk ‘Black Fraud’ nahiago dugu deitu, baina); eta, bestetik, azaroaren 25a, emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko borroka gogorarazten duen eguna, alegia.
‘Black Fraud’ eguna laster izango dela aprobetxatuz, Balio Faktorian hausnartu nahi genuen nola sortzen duten indarkeria egungo kontsumo ereduek. Horretarako, hiru dinamika desberdin proposatzen ditugu: ‘Fabricando Mujeres’ («Emakumeak fabrikatzen») dokumentala; ‘Black Fraud’ delakoari buruzko argazki-lantegi bat, eta gure hiria ezagutzeko aukera emango digun ikastaro bat, ‘Urbanismo feminista: descubre tu ciudad con otros ojos’ («Hirigintza feminista: ezagutu zure hiria beste begi batzuekin»).
‘Desmontado el Black «fraude», taller de acción fotográfica (TAF!)’ deritzon lantegia ENMEDIO izeneko kolektiboak emango du; irudi-arloko profesional-talde bat da, eta aktibismo sozialaz duten ikuspegia argazki, bideo eta kartelen bidez partekatzean dute helburu. Dinamika honen xedea da ekintza fotografiko bat sortzea, Black Friday delakoan kontsumismoaren eta indarkeria matxisten artean dagoen lotura salatzeko. Lantegian parte hartzeko, aldez aurretik izena eman behar da, eta 12an –astelehena– eta 13an –asteazkena– emango da, 17:30etik 21:00etara, Simone de Beauvoir elkarte-etxean (Vitoria-Gasteiz).
Hil honetako bigarren proposamena berezia izango da: aste horretan Al Borde Films-ekin batera prestatzen ari garen dokumentala (sarrera libre) aurkeztuko dugu: “Fabricando Mujeres”/”Emakumeak fabrikatzen”. ‘Indarkeria kontsumitzen dugu?’ ikerlanean oinarritzen den ikus-entzunezko lan bat da, indarkeria matxisten eta kontsumo kapitalistaren artean dauden loturak ikusgai jarri nahi dituena. Ikus-entzunezko lan hau hilaren 28an –asteazkena– proiektatuko dugu, 19:00etan, Etxanobe Jauregian (Santa Maria kalea, Vitoria-Gasteiz).
Azarokoak bukatzeko, ‘Urbanismo feminista, Descubre tu ciudad con otros ojos’ ikastaroa egingo dugu, hilaren 30ean –ostirala– 16:00etatik 20:00etara eta abenduaren 1ean –larunbata– 10:00etatik 14:00etara. Izena eman behar da aurretik, eta Dunak Taldeak zuzenduko du ikastaroa; hainbat emakume arkitekto eta hirigilek osatutako talde honek parte-hartzaileak gogoeta egitera animatuko ditu, Vitoria-Gasteizen diseinuak bertan bizi direnen oinarrizko beharrizanei eragiten dien moduaz.
Balio Faktorian nabarmentzen dugu prestakuntzaren bidez eraldaketa posible dela; horregatik topaketaz, ikastaroz, eta lantegiz jositako programazio bat eskaintzen dugu udazken-neguetarako.