X
Tag

    Modak traba egiten dizu? Tira haritik!

    Tira ezazu ehungintza industriaren haritik eta ezagutu moda jasangarriko alternatibak. Apirilean, erakusketa interaktibo bat, ehungintzako bi tailer Mottainai.ZGZ eta Marta Valdivielsoren eskutik, eta mahai-ingurua Top Manta eta Ker Fatou proiektuekin.

    2013an Bangladeshko Rana Plaza eraikina erori zeneko urteurrena dela eta, apirilean ehungintza industriaren inguruko hausnarketan eta moda jasangarriko alternatiben eraikuntzan oinarrituko dira SETEM Hego Haizeak antolatutako Balio Faktoriaren jarduerak.

    “Moda jasangarria: Modak traba egiten dizu? Tira haritik!” izenburupean, Balio Faktoriak bost jarduera eskainiko ditu hilabete honetan; horietako lau Gasteizen (Araba) izango dira, eta horietako bat Muskizen (Bizkaia) ere egingo da.

    Programari eta izen-emateei buruzko informazio guztia eskuragarri dago jada esteka honetan.

    Erakusketa interaktiboa

    “Kontzientzia ehunduz, ehungintza industriaren patroiak hautsiz” erakusketa bisitatzen duen orok ehungintza industria globalaren egitura ehuntzen duten “harietatik tira” egin ahal izango du, jantzi baten bizitza erabilgarriaren etapa bakoitzaren atzean ezkutatzen diren ingurumen inpaktua eta lan esplotazioa azaleratuz.

    Gainera, ikus-entzunezko esperientziaren bidez, gure eguneroko bizitzan eta kontsumo ohituretan aplika ditzakegun aldaketa proposamenak eskaintzen ditu erakusketak, ehungintza ekoizpen etikoagoa eta iraunkorragoa sustatzeko.

    Sarrera librea apirilaren 12tik maiatzaren 2ra Pilar Gizarte Etxeko erakusketa aretoan, 09:00etatik 20:30era. SETEM Hego Haizeak eta Arropa Garbia kanpainak antolatutako jarduera.

    “Kontzientzia ehunduz” erakusketa interaktiboa Pilar Gizarte Etxean bisitatu ahal izango da apirilaren 12tik aurrera.
    Ehungintza tailerrak

    Apirilaren 12an eta 13an, ostiralean eta larunbatean, Mottainai.ZGZ ehungintza eko-feminista eta komunitarioko kolektiboak “Orratz-elkarrizketak: Ehun-ekintzako lantegia gorputzari eta indarkeriari buruz” tailerra eskainiko du Gasteizko Emakumeen Etxean.

    Gure gorputzak zeharkatzen dituzten indarkeriei buruzko jarduera teoriko eta praktikoa da, SETEMek Gasteizko Jabetze Feministarako Eskolarekin batera antolatutakoa.

    Eman izena hemen

    Mottainai.ZGZ kolektiboak ehungintza-artea sustatzen du ikuspegi ekofeminista eta komunitario batetik.

    Bestalde, Marta Valdivielso antzinako ehungintzako lanbideen aditu eta dibulgatzaile eta La Trama proiektuaren sortzaileak haria egiteko erabiltzen diren zuntzak, erremintak eta tindu naturalak ezagutzeko eta manipulatzeko tailer bat eskainiko du.

    Jarduera apirilaren 19an, ostiralean, Gasteizko Simone de Beauvoir Elkarteen Etxean egingo da (eman izena hemen), eta apirilaren 20an, larunbatean, Muskizko Gaztegunean (izena emateko: berdintasuna@muskiz.com / 946 70 99 36 / Whatsapp – 688 896 571).

    Marta Valdivielso (La Trama), ehungintzako antzinako lanbideetan aditua eta dibulgatzailea.
    Esperientziak: Top Manta eta Ker Fatou

    Azkenik, apirilaren 23an, asteartean, 18:30ean Montehermoso Kulturunean, “Aldarrikatzen eta kulturak hurbiltzen dituen moda” mahai-inguruak Top Manta (Bartzelona) eta Ker Fatou (Bilbo) proiektuen istorioak ezagutzera emango ditu, Tania Cañas Sirianyk dinamizatuta. Arropa eta osagarriak modaz baino askoz harago eraman dituzten egitasmoak dira biak.

    Aziz Faye, manteroa eta Top Manta proiektuaren sortzailea.

    Bi ekimenek eskulangintza, migrazioak, bidezko merkataritza, antirrazismoa eta ekonomia solidarioa uztartzen dituzte, besteak beste. Alde batetik, Top Manta Bartzelonako Saltzaile Ibiltarien Sindikatuaren arropa marka sozial eta solidarioa da. Bestalde, Ker Fatou denda Senegalgo, Euskal Herriko eta Espainiako kulturen arteko topagunea da Bilbon, Fatou Diengaren eskutik.

    Fatou Diengak zuzentzen du Bilboko Ker Fatou denda.

    Si continuas utilizando este sitio aceptas el uso de nuestras cookies. Saber más

    Los ajustes de cookies de esta web están configurados para "permitir cookies" y así ofrecerte la mejor experiencia de navegación posible. Si sigues utilizando esta web sin cambiar tus ajustes de cookies o haces clic en "Aceptar" estarás dando tu consentimiento a esto.

    Cerrar