X
Tag

    Elkartasun auzolandegien bizipenak El Salvadorren

    Udaran sakon sartuta, SETEMen elkartasun auzolandietako parte hartzaile baten bizipen batzuk elkarbanatu nahi ditugu zuekin. Bera El Salvadorrera bidaiatu du, eta REDES Fundazioak abiatzen dituen proiektuak gertutik ezagutzen ari da.

    REDESekin nazioarteko lankidetzan aritzen gara SETEMetik, nekazarien komunitateen garapenean laguntze aldera. Horretaz aparte, elkartasun auzolandegien parte hartzaile batzuk hartu ditu erakunde salvadortarrak. Izugarrizko harrera egin diete eta, proiektuak ezagutzeaz gain, herrialdea ondo ezagutuko dutela ziurtatu nahi dute. Hona hemen kontakizuna!

    REDESeko kideek hilabete osoko plana aurkeztu ziguten. Asteburu guztietan herrialdea ezagutzeko plan turistikoak eskaini zizkiguten; egun bakoitzean kideetako batek gurekin bidaiatzeko txanda hartuko du. Herrialdea ondo ezagut dezagun ziurtatu nahi dute!

    Egun bateko arratsaldean, José Simeón Cañas Erdialdeko Amerikako Unibertsitatera (UCA) eraman gintuzten. Han, 1989an gertatutako irakasleen eta langileen sarraskia azaltzen duen oroimen historikoko gunea dago, eta unibertsitateko ikasle batek bisita gidatua egin zigun. Bisita garrantzitsua da, garaiko gertaeren eta gaur egungo joera autoritarismoaren arteko loturei buruzko hausnarketa egiteko aukera badago eta. Asko eskertzen diegu REDESekoei horrelako bisitak antolatzea.

    Udalerri horietako komunitateetan, REDESek emakumeak ahalduntzeko ikastaroak ematen ditu. Bertan, elikadura burujabetza helburu duten praktikak irakasten dituzte, baina ez arkatza eta paperaz, baizik eta palaz eta aitzurraz. Ikastaroak komunitatean burutzen dituzte, barre algaren artean.

    Guk ere izerditzeko aukera izan genuen.

    Horrez gain, komunitate bateko emakume elkarte bat ezagutu genuen. Elkarteak urteak daramatza haurtzaindegi bat, okindegi bat eta beste proiektu batzuk kudeatzen. Emakumeek azaldu zigutenen arabera, azken hilabeteetan, komunitateko 300 familien egoera larria da: enplegurik ez dago, eta gobernuak ezarritako salbuespen egoeraren ondorioz, gazteak komunitatetik kanpo lan bila ateratzearen beldur dira, poliziak gazte ugari atxilotzen du eta.

    Zenbaitetan, atxilotuen senideak ere hartu dituzte haiek komisarietara informazio bila hurbildu direnean. Gainera, enpresa batek akuiferoak pozoitu dizkiete (dagoeneko zenbait lagun hil dira), eta, beste ur iturririk ez daukatenez, herria borrokan ari da, Estatuak entzungor egiten duen bitartean.

    REDESeko ikastaroen emaitzetako bat: euria biltzeko urtegi baten obrak. Baratzeak ureztatzeko ezinbestekoak dira urik ez duten komunitateetan. Gainera, nekazari batzuek bertan arrainak hazi ditzaketela ohartu dira: beste elikagai iturri bat.

    Beste egun batean, Berlíngo nekazarien bilera batean egon ginen. Adin guztietako emakume eta gizonak bildu ziren. Guztiek nekazaritza organikoaz ikasi dute REDESekoen esku, eta orain, elikagai osasuntsuagoak ekoizteaz gain, diru dezente ere aurrezten dute bertako barietate ez-transgenikoak landatu eta ongarri naturalak ekoiztearen bidez. Batzuentzat, nekazaritzarekin izan duten lehen esperientzia izan da, eta beren bizi kalitatea hobetzeko balio izan die.

    Kafe aleak

    Plantazioetan kafe aleak biltzen aritzen diren langileek batzuetan 6$ baino ez dituzte kobratzen egun osoko lanaren truke, hemengo nekazarien arabera. Argazkikoa, ordea, nekazari txiki baten ortuko kafe organikoa da, berak bildu eta salduko du.

    Marakuia, hasieran eta bukaeran
    Ez da harritzekoa tomate ederrak lortzea baratze parean daukaten paisaiarekin.

    Elkartasun auzolandegiak… eta turismoa

    Ostiraletik aurrera, REDESeko kideek kilometro mordoa egin zuten guri ahalik eta gauza gehien erakusteko. Hasteko, El Mozote herrixka ikusi genuen, non El Salvadorreko armadak herriko lagun guztiak erail zituen 1981ean (bat izan ezik, Rufina Amaya, lekuko bakarra). Herritarrek finantzatutako hildakoen omenezko monumentua (lurpean hobi komuna daukana) arriskuan egon zen duela gutxi, gobernuak eraitsi nahi baitzuen beste monumentu berria eraikitzeko, biktimen senideekin harremanetan jarri gabe.

    El Mozoten izandako biktimak

    El Mozote ondoren, Perquín herrian Salvadorreko Iraultzaren Museoa bisitatu genuen. Hori ere oroimenerako ekimen pribatua da. Garaiko argazkiak, kartelak, eta armak ikusgai daude han. Baita El Mozoteko sarraskia agindu zuenaren helikoptero lehertuaren aztarnak ere.

    Euskal Herriko ikurrinari ere leku egin diote museoan.

    Jarraian, ipar-iparraldetik hegoaldera abiatu ginen. Zacatecoluca herrian, REDESeko kide baten senideen etxean lo egiteko hartu gintuzten. Biharamunean, hondartza ikusi genuen Jiquiliscon (baita mangladiak ere!). Pupusodromo batean bazkaltzeko ametsa geneukan (pupusen jatetxeez jositako eraikin mitikoa), baina trafiko arazoak zirela eta, horren ordez, jaki tipikoak saltzen zituen jatetxe batera joan ginen (atola, elotezko tamala, juka egosia, banana frijitua…).

    Asteburua San Salvadorren bukatu genuen, etxetik gertu, El Boquerón izeneko sumendiko parke naturalean inoiz ikusi ez ditugun frutak bazkaltzeko jaten. Ezin diegu nahikoa eskertu REDESeko jende abegikorrari gurekin izan duten eskuzabaltasuna eta umore ona. Haiei ezagutu ditugun esker herrialdeko paisaia eta historiaz gain, komunitateetako jendearekin egiten duten ahalduntze lan garrantzitsua ikustea irakaspenik emankorrena izan da guretzat.

    Euskal Herria ez da zatarra, baina aitortu behar da horrelako kraterrik ez daukagula.

    Si continuas utilizando este sitio aceptas el uso de nuestras cookies. Saber más

    Los ajustes de cookies de esta web están configurados para "permitir cookies" y así ofrecerte la mejor experiencia de navegación posible. Si sigues utilizando esta web sin cambiar tus ajustes de cookies o haces clic en "Aceptar" estarás dando tu consentimiento a esto.

    Cerrar