X
Tag

    Martxoan eta apirilean, armairuak hankaz gora!

    Aurten ere, Balio Faktorian modaren hariari tira egingo diogu, erakusleihoen distirak ezkutatzen digunari buruz hitz egiteko. Moda azkarraren ondorio kaltegarriak gero eta gehiago ezagutzen ditugun arren, oraindik zaila egiten zaigu arropa beste modu batean kontsumitzen hastea. Horregatik Faktoria martxoan eta apirilean iritsiko da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoara, bide horretan lagunduko diguten jarduerekin.

    Oinarritik has gaitezen: nola konpondu hainbeste gustatzen zaidan jantzi hori, bere bizitza luzatu ahal izateko? Maddalen Agirreren (maddmoda.com) eskutik arropa konpontzeko bi lantegi izango ditugu, lehena Artziniegan, martxoaren 18an (10:00etatik 13:00etara) eta bigarrena Muskizen, apirilaren 22an (10:30etik 13:30era). Biak doakoak dira, baina izena eman behar duzue. Xehetasun guztiak PROGRAMAN ikus ditzakezue.

    Proposatzen dizuegun bigarren tailerrak ere bizitza berri bat emango dio gure arropari, baina oraingoan artetik eta aldarrikapenetik, serigrafia tailer batekin. Martxoaren 30ean izango da, osteguna, 18:00etatik 20:00etara Gasteizen eta Kapalilua proiektuak ingurumena eta pertsonak zaintzea aldarrikatzen duten mezuak inprimatzen irakatsiko digu, Arropa Garbia kanpainaren eremuan. Lantegi honek 5 €-ko kostua du eta dagoeneko izena eman dezakezu formulario honetan.

    Konponketa eta apainketaz gain, hausnarketarako tokia ere izango dugu, hiru emakume hauen laguntzarekin: Laura Opazo, Armario Sostenible liburuaren egilea; Airí Ferrer, diseinatzailea eta Fashion Revolution Euskadiko koordinatzailea, eta Lorea Flores, Greenpeace Euskadikoa. Apirilaren 20an, ostegunean, 19:00etan, “Iraultza armairu barruan: nire arropa jasangarria izan al daiteke?” topaketa izango dugu Gasteizko Aldabe gizarte etxean. Arropagintza sektorearen eraldaketa laguntzeko zer egin dezakegun izango dugu eztabaidagai. Sarrera librea izango da lekua bete arte, hurbil zaitez!

    Amaitzeko, apirilaren 21ean eta 22an, Urnietan, Zaragozako Mottainai kolektiboaren eskutik orratzak hartuko ditugu berriro, tailer berezi batean: “Orratz-elkarrizketak: gorputza eta indarkeria ardatz dituen ehun-ekintzako tailerra”. Ostiralean 16:00etatik 19:00etara eta larunbatean 9:00etatik 14:00etara izango da, eta interesa duten emakumeek* doan eman dezakete izena formulario honetan.

    Ikusten duzuenez, Balio Faktoria bete-beteko programazioarekin itzuli da. Xehetasun guztiak PROGRAMAN dituzue eta, laster, maiatzeko informazioa eskegiko dugu, ikasturtea itxiko duten bi jarduera berezirekin. Ez ezazue galdu!

    Si continuas utilizando este sitio aceptas el uso de nuestras cookies. Saber más

    Los ajustes de cookies de esta web están configurados para "permitir cookies" y así ofrecerte la mejor experiencia de navegación posible. Si sigues utilizando esta web sin cambiar tus ajustes de cookies o haces clic en "Aceptar" estarás dando tu consentimiento a esto.

    Cerrar