Urtarrilean argiaren eta gasaren fakturek gora egin ohi dute. Azken hilabeteetan, gainera, gai energetikoei buruzko berriek geroz eta interes handiagoa pizten dute: berriztagarriak, komunitate energetikoak, enpresa handien irabazien kontrola… Interes horri erantzuteko eta hausnarketan sakontzeko, Balio Faktorian hainbat jarduera prestatu ditugu energia-eredu bidezkoagoa eta iraunkorragoa eraikitzen laguntzeko.
Urtarrilaren 19an, osteguna, hasiko gara Gasteizen, “Energia-komunitateak: energia pertsonentzat berreskuratzea, modu jasangarrian” mahai-inguruarekin. 19:00etan hasiko da, Montehermoso Kultur Etxean, eta sarrera librea izango da tokiak bete arte. Bertan Rafael Larreina, “Energia Komunitateen Sarea” kooperatibako presidenteak eta Josepe Martioda, Euskadiko lehena den Lasierrako energia-komunitateko kide erabiltzaileak energia-komunitateen tokiko esperientziak azalduko dituzte, bertaratutakoen zalantzak eta galderak argitzen laguntzeko.
Asteburuan Muskizera joango gara Xucrut Teatreren “¡El apagón!” antzezlana ikustera. Hilaren 21ean izango da, larunbata, 19:00etan Meatzari aretoan. Umorearen eta emozioaren bidez, Mariaren eta beste hainbat emakumeren istorioak ezagutuko dugu, pobrezia energetikoaren biktima diren familia askoren zutabe direnak. Sarrera librea izango da lekua bete arte.
Gasteizen berriro ere, “Argi-kutsadura. XXI. mendeko ingurumen-, energia- eta kultura-erronka” izeneko tailerra izango dugu 27an, ostirala, 17:30etik 20:30era. Tailer honek oso ezaguna ez den baina osasunean eta ingurumenean eragin handia duen gai batera hurbilduko gaitu. Susana Malónek 20 urteko esperientzia du gai horretan, eta gaueko gehiegizko argiztapenaren ondorio kaltegarriei buruz hitz egingo digu, eta modu praktikoan erakutsiko digu hirietako kanpoko argiteria publikoa nola hobetu dezakegun. Izena emateko prezioa 5 eurokoa da (doan SETEM Hego Haizea elkarteko bazkideentzat), eta parte hartu nahi baduzu, hemen bete dezakezu izena emateko inprimakia.
Urtarrila ezin zen programazio osoago batekin hasi. Zuen zain gaude!