Ekofeminismoa otsaileko protagonista Yayo Herreroren ikastaroaren ondoren

SETEMen Balio Faktoria modu ezin hobean hasi bazen 2026an, otsailak goi-goian jarraituko du. Izan ere, Yayo Herrerorekin eta Salome Preciadorekin batera leporaino bete zen ikastaro batekin hasi ginen. Bertan energiaz bete eta aldaketarako alternatiba sozialekin batera borrokatzeko eta bat egiteko animoarekin atera ginen. Otsailean ekofeminismoetan inspiratzen jarraituko dugu.

Yayo Herrerorekin eta Salomé Preciadorekin egindako inaugurazio-ikastaroan, aurre egin behar diogun krisi ekologikoari, gaurkotasun geopolitikoari eta estraktibismo-kasuekin edo planetaren muga naturalen aurkako erasoekin duen harremanari buruzko azterketa globala egin genuen. Arrazoi asko atzera egiteko? Ezta pentsatu ere! Biek erakutsi zituzten aldaketaren alde lan egiten duten gizarte-borrokaren kasu batzuk, proiektu txiki bakoitzaren alde borrokatzen jarraitzeko inspirazioa eta zentzua erakusten dutenak.

Bi emakume borrokalari eta inspiratzailerekin jarraituko dugu, hain zuzen ere, Dalila Arguetarekin eta María Eugenia García Nemoconekin. “Ekofeminismoa eta estraktibismoaren aurkako borrokak: Hegoaldeko ahotsak” izango da jardunaldiaren izenburua, eta, bertan, ekofeminismoa estraktibismoari eta horrek Hegoalde Globaleko lurraldeetan dituen eraginei aurre egiteko tresna erabakigarria nola bihurtzen den aztertuko dugu, giza eskubideen bi defendatzaile horien testigantzetatik abiatuta, Hondurasetik eta Kolonbiatik, hurrenez hurren.

Haien borrokaren testigantzak eta lurraldearen eta naturaren defentsan oinarritutako ideiak ezagutuko ditugu, baita haien alternatiba iraunkorrak eta bidezkoak, desberdintasuna eta ingurumen-suntsipena betikotzen dituen eredu ekonomikoaren aurrean. Gasteizko Landatxo Gizarte Etxeko erabilera anitzeko aretoan izango da, otsailaren 5ean, 18:00etatik aurrera. Sarrera librea da tokia bete arte.

Egun batzuk geroago, otsailaren 13an, “La trama, ehungintzako antzinako lanbideetako tailerra” jardueraz gozatuko dugu Marta Valdivielsorekin batera. 17:30etik 20:30era izango da, Gasteizko Aldabe Gizarte Etxean (erabilera anitzeko aretoan). Parte hartzea doan da, baina beharrezkoa da izena ematea.

Ehungailuen historia eta bilakaera ikusi ahal izango dugu Neolitotik gaur egunera arte, eta gero etxera eramango dugun ehun bat egiten dugun bitartean, horren egitura ezagutu eta ikasiko dugu. Gainera, ipuinak, jolasak eta abestiak partekatuko ditugu, emakumeen ekarpen kulturala aitortuz.

Bazatoz?