Jantzigintzaren argi-ilunei erreparatuko diegu Clara Tomérekin eta Salvadorreko Mujeres Transformando erakundearekin

Balio Faktoriaren 2026-27 programa abian da. Ikasturtea modaren industriaren inguruko jarduerak eskainiz hasi dugu. Hiru jarduera izango dira urrian, Gasteizen eta Getxon, eta industriaren argi-ilunetara begiratuko dugu. Parte-hartzaile erreferenteak izango ditugu, hala nola Clara Tomé eta, El Salvadorretik etorritakoak, Montserrat Arévalo eta Karla Ortiz Mujeres Transformando erakundeko kideak.

Lehenik Clara Tomé modeloa eta legelari eta aktibista klimatikoarekin topaketa irekia abiatuko dugu. Bere lanean bat egiten dute klima, ingurumen-justizia, naturaren eskubideak, komunikazioa, intzidentzia politikoa eta moda iraunkorra. Urriaren 20an, asteartean, izango da topaketa, Gasteizko Landatxo Gizarte Etxean, arratsaldeko 18:00etatik aurrera.

Bere eskutik, modaren industriaren trapu zikinak aterako ditugu armairutik, bere praktika jasangaitzenak agerian utziz: greenwashing-a, lan-esplotazioa, zaharkitze programatua… Adibide praktikoen bidez, marken marketin-estrategiak, hiperkontsumoa bultzatzen duten mekanismoak eta sare sozialek gure erosketa-erabakietan duten eragina desmuntatuko ditugu. Amaitzeko, modu kritiko eta kontzienteagoan janzteko aukera emango diguten benetako alternatibak ezagutuko ditugu.

Astebete geroago, bi jarduera iritsiko dira Salvadorreko Mujeres Transformando erakundearekin batera. Erakunde horrekin SETEMek nazioarteko lankidetza-harremanak ditu, eta ehungintzaren sektoreko emakume langileei laguntzeko lan egiten du.

Hilaren 27an, asteartean, beraiekin tailer bat abiatuko dugu Gasteizko Emakumeen Etxean, “Etiketaz haratago: emakumeak, lana, osasuna eta zainketak ehungintzaren industria globalean” izenpean. Zer dute komunean El Salvadorko arropa-makila bateko emakume langile batek eta Gasteizko emakume langile batek? El Salvadorko langileen ahotsetatik eta esperientzietatik ezagutuko ditugu haien bizitzak zeharkatzen dituzten dimentsio anitzak, hemengo borrokekiko loturak bilatuz zaintza lanen banaketa, lan-eskubideak edo kalitatezko osasun-arreta bezalako esparruetan.

Arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara izango da tailerra. Parte hartzea doakoa da, baina izena eman behar da esteka honetan.

Hilaren 28an, asteazkenean, beraiekin errepikatuko dugu. Kasu honetan Getxoko Gurari Etxean, arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Sarrera librea izango da tokiak bete arte. Hitzaldi honen helburua ehungintzak sortzen dituen lan, gizarte, ekonomia eta ingurumen eraginak ikusaraztea da, Laken adibide zehatzaren bidez, eta gure lurraldeko ehungintza kontsumitzeko ohiturekin duen interdependentziaren bidez. Hausnarketarako, ezagutzak sortzeko eta elkartrukatzeko eta borroka sindikalerako eta mundu-mailako elkartasunerako tresnak sortzeko espazio lokal eta globala.

Anima zaitezte eta etorri!