Kalaka Komunikazioa agentziako Ilazki Gainzarekin hizketan aritu gara ikus-entzunezko industriek sortutako genero-rolek gure haurren garapenean duten eraginari buruz eta proposatutako alternatibei buruz.
Balio Faktoriak abendurako duen helburua ‘jolasean eraldatu’ dela aprobetxatuta, Kalaka Komunikazioak berdintasunezko hezkidetza proposatzen digu, ipuinetan irakurri eta ikusten ditugun hizkuntza eta irudiak aztertzeko, bai eta, genero-estereotipoak betikotzeko edo hausteko garaian, halakoek izaten duten eragina ere.
Ilazkirekin hizketan ari garela, horren inguruan lehenik sortzen zaizkigun zalantzetako bat da ea nola izaten duten eragina gure neska eta mutilen garapen pertsonalean egunero kontsumitzen ditugun film eta telesailek. Dioskunez, pieza horiek moldekatu egiten dituzte gure pentsamendua nahiz errealitateaz dugun ikusmoldea. “Haurdanik ikusten ditugun filmetan, emakumeak pasiboak, otzanak badira, eta ‘beren gizonaren’ zain egoten badira, eta gizonak, ordea, ausartak, indartsuak badira, eta ‘beren emakumea’ arriskutik salbatzen badute, orduan, amodio erromantiko –toxiko– horretan pentsatuz haziko gara, bikotekideen artean botere-harremanak sortzen dituen amodio-mota horretan”.
Horrez gain, azaltzen du industria horrek ez dituela erakusten bestelako errealitate batzuk, hala nola bikote homosexualak, poliamodiozko harremanak, nork bere buruarekin nahiz inguruko pertsonekin dituen harremanen garrantzia. Ilazkik aipatzen du, halaber, genero-rolak betikotzeaz gain, bitarteko horiek ezaugarri jakin batzuk esleitzen dizkiotela ‘normatibitateari’ eta horrek, ondorioz, jazarpena ekartzen duela, ezaugarriok betetzen ez badira.
Baina badaude alternatibak!
Nerea Uriak eta Ilazki Gainzak, inkongruentzia horien jakitun, komunikazioa eta generoa bateratu zituzten, herritar gisa zuten behar bati erantzuteko: “emakumeak aintzat hartzea”, eta azkenean Kalaka Komunikazioa sortu zuten. Helburua da prestakuntza-prozesuetan laguntzea eta gizarte matxista eraldatzen saiatzea, hezkuntza eskainiz, erakunde publikoei, guraso-elkarteei, eskolei eta, oro har, jende guztiari irekita.
Komunikazioa eta generoa kontuan hartzen dira, ipuin ez-sexistak balioen eraldaketarako tresnatzat erakusteko. Kalakak azaltzen digu gure haurrekin komunikazioa izatea funtsezkoa dela, ikusarazteko zein estereotipo dauden gaizki eta beste aukerak zein diren. Azkenik, gomendatzen digute kontatzen ditugun istorioak izan daitezela neskek eta mutilek gauza berak egin ditzaketela erakusteko modukoak, eta autoestimua indartu eta irudimena pizteko modukoak.
Abenduan, Kalakarekin batera, gai horiek nahiz beste batzuk tratatuko ditugu Balio Faktorian, hitzaldi batean, hilaren 12an, eta 14ko eta 15eko ikastaro batean. Bi jarduerak euskaraz egingo dira. Begiratu bat emaiozu programari, eta zure zain egongo gara!
Ikastaroa: Hezkidetza edo nola hezi berdintasunean (euskaraz) (IZENA EMAN BEHAR DA)
Hezkidetzaz arituko gara, ohar gaitezen zer-nolako garrantzia duten ipuin, film, telesailek –hau da, herri-kulturak– iruditeria kolektiboan. Gero ipuinetan irakurri eta ikusten ditugun hizkuntza eta irudiak aztertuko ditugu, bai eta, genero-estereotipoak betikotzeko edo hausteko garaian, halakoek izaten duten eragina ere.