Hil honetan, Salburuan egongo gara zure zain, ekitate eta jasangarritasunezko hezkuntzaren arloko hainbat proposamenekin
Balio Faktorian jolas-arauak aldatuz emango diogu amaiera 2018. urteari. Horretarako, gonbidatzen zaitugu eraldatzera orientaturiko jarduera batzuetan parte hartzera, jolasetan edo gure haurrei berdintasunetik eta errespetutik hezkuntza ematean oinarrituz. Gure programazioa Salburuko auzora batik bat eramanda, hitzaldi bat, antzerki-lan bat, musika tresna birziklatuen lantegi bat eta ikastaro bat proposatzen ditugu, jostailu birziklatuetatik genero-estereotiporik gabeko hezkuntzaraino barnean harturik.
Topaketa: “Hezkidetza familian: berdintasunean heztearen garrantzia” hitzaldia
Topaketa hau sarrera librekoa da eta abenduaren 12an egingo da, 18:00etatik 20:00etara bitartean, Salburua gizarte-etxean (Vitoria-Gasteiz). Ilazki Gainza Giraldo, hitzaldi honetako hizlaria, Kalaka Komunikazio Parekidea agentziaren sortzaileetako bat da; ekimen horrek komunikaziotik eta feminismotik lan egiten du hainbat proiektutan, hala nola berdintasunerako ipuinetan eta familiako hezkidetzan. Hitzaldia euskaraz izango da.
Topaketa: “Sencilleces” antzerki-lana (Xucrut Teatre)
Antzerki-lan honek abenduaren 15ean, larunbata, igoko du oihala, Salburua gizarte-etxeko ekitaldi-aretoan. Topaketa hau, 3 eta 99 urte arteko –edo gehiagoko– pertsonei zuzendua, Xucrut Teatre taldearen eskutik emango da, eta 2€ko sarrera bat beharko da (gizarte etxeetan eskuratuko da abenduaren hasieratik).
Lan honetan, kolektiboaren berezko umorearen bidez, kontatuko zaigu nola garbiketa-zerbitzuko bi pertsonak hamarretakoaren tartea baliatzen duten, zalantzak partekatzeko haurren hezieraren inguruan: zer ipuin kontatu, nola kudeatu opariak… Lan honek kontsumismotik aldendutako espazio bat proposatzen du.
Lantegia: Sormenezko birziklapen musikala
Lantegi honetarako aurretik izena eman beharko da, eta abenduaren 22an egingo da, 11:00etatik 13:00etara, Salburua gizarte-etxean, Cía. Turukutuparen eskutik. Hain zuzen, soinuaren arloko artistez osaturiko kolektibo honek hondakinen balioa nabarmentzen du, ingurumen-kontzientziaziorako proiektu gisa. Hemen, 7 eta 12 urte arteko haurrek bigarren aukera bat emango ahalko diete eguneroko hondakinei, musika-tresna bihurtuz.
Lantegia gaztelaniaz eta euskaraz emango da, eta izena eman beharko da esteka honen bidez, hiriko gizarte etxeetan edo 010 zenbakira deituz.
Ikastaroa: Hezkidetza edo nola hezi berdintasunean
Euskarazko lantegi honetarako aurretik izena eman beharko da (hemen), eta abenduaren 14an egingo da, 17:00etatik 20:00etara, eta 15ean, larunbata, 10:00etatik 13:00etara, Simone de Beauvoir elkarte-etxean, erabilera askoko aretoan. Ilazki Gainza Giraldok emango du ikastaroa, eta haren xedea da ipuin, film eta telesailetan egoten diren diskurtsoak aztertzea, ulertzeko nola eragiten duten gizartean dauden estereotipoak sortzen, eta nola eraldatu egin daitezkeen, eredu ekitatibo bat sustatzeko moduko pieza batzuk izan daitezen.
Hemen, Balio Faktoriaren 2019rako programazioa jartzen dizugu eskura.