Bidaiatzeko hilabete falta da baina, dagoeneko motxilak egiten gabiltza. Azkarregi goazela pentsatuko duzue, munduan ibiltzeko zenbat eta arinago hobe, esperientzia da gure xedea, edo zer? Baliteke.
Badira hilabete batzuk gure bidaia hasi zela. SETEMek proposatzen dituen elkartasun auzolandegiak hegazkina hartu aurretik hasten dira. Anitzak gara, eta ugari, zertara goazen ulertarazteko denbora eskaintzen diegu partaideei, horregatik, batera egiten dugu formakuntza, batera eztabaidatzen dugu, jolastu eta zergatik ez, negar egin ere batera egiten dugu.
Bidaiariok, koordinatzaileok eta prozesuan laguntzen duen orok pila bat ordu, eta, batez ere, ilusio mordoa eskaintzen diogu prozesuari, esperientzia ahalik eta aberasgarrien izan dadin. Hori lortzeko, aipatutako formakuntza ez da nahikoa, taldearen lan izugarria beharrezkoa delako ere bai, taldekideek burua ezagutarazi eta besteak ezagutzeko ahalegina egin behar dute, onak eta ez hain onak diren gauzekin onartu, azken finean, elkarbizitza sustatu. Mundua eraldatzeko saiakera honetan norberaren eraikuntza eta deseraikuntza da garrantzitsuena, kalean eragiteko modu bakarra da etxea atontzea.
Laster, Kolonbia, Mexiko eta Ekuadorrera bidaiatzen duten kideekin elkarbitzitzarako asteburua izango dugu. Norberaren eta taldearen eraikuntzan egiten dugun beste pausu honetan, testuingurua landu, beldurrak aztertu, ditugun estereotipo eta aurreiritziak, usteak eta nahiak landuko ditugu, gutariko bakoitzak nola bizi dituen eta taldean nola lantzen ditugun probatzeko. Ondo egiten badugu, ez da egongo gu gelditzerik.
Ez gara aurreratuko baina… argazkiren bat elkarbanatuko dizuegu.