X
Tag
sindicalista bangladesh bilbao

    “Galde ezazue dendetan ea zein baldintzatan fabrikatu zen arropa”

    Apirilaren 12tik 14ra bitartean, Bangladesh Center for Worker Solidarityko zuzendari Kalpona Akter Euskadin izan da bisitan, Europako hainbat herrialdetan zehar eraman duen bira baten barruan. Bisita horretan, bangladeshtar aktibista eta sindikalistak hitzaldiak eman zituen Vitoria-Gasteizen, Donostian eta Bilbon, #BalioFaktoria|ren programazioaren barruan, bere herrialdeko ehungintzako langileen borrokaz aritzeko, Rana Plaza eraikina behera etorri zenetik bost urte betetzen direnean.

    Bangladeshen, ehungintza-industrian 4 milioi pertsonak baino gehiagok lan egiten dute, eta haietatik % 80 baino gehiago emakume gazteak dira. Sektore horrek inportazioen ondoriozko sarreren % 80 dakar. Hori dela eta, logikoa litzateke pentsatzea langileek ere oso garrantzitsuak izan beharko luketela, eta oso ongi tratatu beharko liratekeela. Alabaina, munduko gutxieneko soldata txikiena daukagu ehungintzaren industrian: hilean 57 euro inguru”, azaldu zuen Akterrek.

    Langileek jasan behar dituzten baldintza penagarriak eta fabriketako segurtasunik eza azaltzeaz gain, azkenean mundu guztian arropa saltzen duten markek horretan duten erantzukizuna ere aipatu zuen Kalpona Akterrek. Baina firmek ez dute erantzukizun hori beren gain hartzen, Rana Plaza eraikina erortzean gertatu zen bezala:

    “Rana Plaza 9 solairuko eraikin bat zen, 2013ko apirilean behera etorri zena, bertan 4000 emakume langile baino gehiago zeudenean. Eraikina erori aurretik, langileek pitzadurak ikusi zituzten, eta ez zuten sartu nahi, baina bultzatu eta mehatxatu egin zituzten, soldata ez zietela ordainduko, eta sartu behar izan zuten. Gainbegiraleek zioten eraikinak 400 urte gehiago iraungo zuela, baina 5 minutu ere ez zuen iraun. Milatik gora hil ziren, eta bi mila baino gehiago zaurituta atera ziren. Ez zen istripua izan, hondamena baizik, pertsonek eragindakoa eta saihets zitekeena, baldin gure gobernuak edo han arropa erosten zuten markek edo enpresek egin beharrekoa egin izan balute. Baina ez zuten egin, eta ondorioak ikaragarriak izan ziren”, esan zuen.

    Horrez gain, bere esperientzian oinarriturik, Kalpona Akterrek aditzera eman zuen zein oztopo izaten dituzten langileek sindikatuta antolatzeko eta beren eskubideen alde borrokatzeko. “Langileak antolatzen saiatzen direnean Bangladeshen, mehatxu egiten diete, karguak aurkezten dira haien aurka eta, batzuetan, beren komunitateetatik irtetera behartzen dituzte. Hori hala gertatzen da legeak egiten dituztenak fabriken jabeak direlako. Parlamentarien artean, % 30 fabrikaren baten jabeak dira. Benetako munstro baten aurka ari gara borrokan”.

    Hori bai, Europako bidaia honetan Kalponak argi utzi zigun guk bat egin dezakegula gure arropa egiten duten langileen borroka horrekin: “Kontsumitzaile gisa, baduzue gauzak aldatzeko boterea, kontsumo arduratsu baten bidez eta beharrezko galderak eginez. Ez jarri pozik kamiseta bat 5 euro bakarrik kostatzen delako. Dendako kudeatzailearekin hitz egin dezakezue, eta galdetu eta esan gehiago jakin nahi duzuela arropa hori egin zuten pertsonen lan-baldintzei buruz. Horrela, markek jakingo dute kontsumitzaileek nahi dutela langileek lan-baldintza duinak izan ditzaten. Hori oso garrantzitsua da, elkarrekin lan egin ezean, ezingo dugulako aldaketarik eragin”.

    Jarraian, Gasteizen Eva Kreisler estatuko Arropa Garbia Kanpainaren koordinatzailearekin batera eman zuen hitzaldiaren bideoa. Merezi du biak entzuteak! Goiko argazkiaren egilea Ecuador Etxea da.

    Si continuas utilizando este sitio aceptas el uso de nuestras cookies. Saber más

    Los ajustes de cookies de esta web están configurados para "permitir cookies" y así ofrecerte la mejor experiencia de navegación posible. Si sigues utilizando esta web sin cambiar tus ajustes de cookies o haces clic en "Aceptar" estarás dando tu consentimiento a esto.

    Cerrar