Abian dago jadanik Balio Faktoria! Prestakuntza eraldatzailearen arloko SETEM Hego Haizearen proiektu berria da, eta kontsumo arduratsura hurbildu nahi duten guztiei zuzendutako espazio berri bat da. Inaugurazioa otsailaren 21ean izan zen, Xabier Euzkitze ETBko komunikatzaile eta bertsolariak aurkezturik, Gasteizko Goiuri Jauregian.
Balio Faktoriak hilero zenbait jarduera antolatuko ditu, kontsumoari loturiko gai baten inguruan eztabaida eta gogoeta egiteko. Martxotik ekainera bitartean, finantza etikoak, moda, elikadura eta teknologia izango dira hautatutako gaiak. Irailetik aurrera, programazioa gai berriekin zabalduko da.
Hileroko gaiei heltzeko, Balio Faktoriak zenbait sakontze-mailatako prestakuntza-jarduerak eramango ditu aurrera. Horrela, pertsona bakoitzak gehien interesatzen zaion prestakuntza aukeratu ahalko du, bere interesaren edo erabil dezakeen denboraren arabera. Topaketak, lantegiak, ikastaroak edota elkartasun auzolandegiak izan ahalko dira. Hemen faktorian erabiliko diren metodologiei buruzko informazio gehiago duzu eskura.
Martxoan abiatuko ditugun jarduerak prest ditugu. Hilabete honetan finantza etikoak jorratuko ditugu, eta Zer egin zure diruak gerra elika ez dezan? galdera egingo diogu geure buruari. Hauek dira programatutako jarduerak (programa kontsultatu):
- Topaketa: Arcadi Oliveresekin paradisu fiskalen eta gastu militarrari eragozpenaren inguruan (gazteleraz). Martxoak 20, asteartea, arratsaldeko 19etan, Gasteizko Montehermoso Jauregian. Sarrera libre.
- Ikastaroa: Antimilitarismoa eta feminismoa (gazteleraz). Madrilgo Alternativa Antimilitarista Movimiento de Objeción de Conciencia (AAMOC) taldea izango da formatzailea. Martxoaren 23an (16:30-19:30) eta 24an (10:30-13:30), SETEMeko Gasteizko egoitzan. Eman izena hemen.
Balio Faktoriak, bere irekiera-ekitaldian, “Con-sumo cuidado. Indarkeriatik at. Mil y una maneras de vivir mejor” elkarrizketa bizi izan zuen, Charo Morán-en (Ekologistak Martxan-eko kontsumo-arloko koordinatzailea) eta Yolanda Jubeto-ren (UPV/EHUko ekonomian doktorea eta feminista) artean. Elkarrekin, gogoeta egin zuten gure kontsumoak gure bizitzetan nahiz ingurunean izaten dituen inpaktuei buruz, eta alternatibak bilatu zituzten, zoriontasuna bilatzeko eta inpaktu negatiboak murrizteko modukoak. Bukatzeko, Trokolo Teatro-k umore-ukitua jarri zuen, Caléndula-ren eta Muxutruka-ren clownklusioekin.