Oro har, ehungintza-sektorean lan-esplotazioa dagoela pentsatzen da. Arropa Garbia Kanpainak argitaratutako txosten berriak datuak jartzen dizkio sinesmen horri: ikertutako 20 arropa marketatik bakar batek ere ezin du frogatu bere langileei soldata duinak ordaintzen dizkiela, nahiz eta horien %85ek konpromisoren bat zuten soldatak oinarrizko beharrak asetzeko nahikoak direla bermatzeko.
Adidas, Amazon, C&A, Decathlon, Fast Retailing, Fruit of the Loom, GAP, G-Star RAW, Gucci, H&M, Hugo Boss, Inditex, Levi Strauss & Co., Nike, Primark, Puma, PVH, Tchibo, Under Armour eta Zalando etekin ekonomikoaren bila dira, ekoizpenean ahalik eta gutxien gastatuta. Eta bitartean, beren arropa egiten dutenek ezin diote pobreziari ihes egin, trukean jasotzen duten soldatarekin.
Lanaldi amaigabeak, miseriazko soldatak, segurtasun eza edo lan-baldintza nekagarriak dira ehungintza-sektoreko langileen baldintzetako batzuk. Sektore horretan langilegoaren % 80 inguru emakumeak dira. Baina modak beste eragin batzuk dakartza katearen beste aldean ere, haren kontsumoak sor ditzakeen indarkeria matxisten kasuan bezala.
Urtarrilean haritik tira egin eta txanponaren bi alde horiek aztertuko ditugu, eta gure janzkerari buelta emateko moduak bilatuko ditugu, bi tailer eta dantza ikuskizun batekin (otsailera atzeratua). Hiru jarduera horiek Gasteizen izango dira.
Urtarrilaren 17an eta 18an (izen-ematea beharrezkoa), emakumeentzako tailer berritzaile batekin hasiko gara. ‘Orratz-elkarrizketak: Ehun-ekintzako lantegia gorputzari eta indarkeriari buruz’ tailerra egingo dugu, Zaragozako Mottainai kolektiboa, ehungintzaren artea ikuspegi eko-feministarekin sustatzen duen kolektiboarekin batera. Ehungintzako collagearen bidez (bordatua, argazkia eta ilustrazioa), gure gorputzek modaren eta estetikaren bidez zeharkatzen dituzten indarkeria ezberdinen inguruko hausnarketa egingo dugu. Eta tailerraren bigarren zatian ehungintzako narratiba praktika egingo dugu. Dena Simone Beauvoir Elkarteen Etxean izango da.
Hilaren amaieran izen-ematea behar duen beste tailer batekin itzuliko gara, ‘Bidezkoa eta jasangarria den moda: errealitatea edo fikzioa?’. Urtarrilaren 31n izango da, 17:00etatik 20:30etara, Simone Beauvoir Elkarteen Etxean, eta arroparen ekoizpenari zein kontsumoari lotutako indarkeria matxistak aztertu, eta sektore horretako langileek egindako borrokak eta erresistentziak ezagutuko ditugu.
Moda iraunkorrari buruzko azken jarduera Mou Dansa konpainia valentziarraren ‘Outfit’ dantza ikuskizun saritua izango da. Jarduera hau otsailaren 24an izango da Aldabe Gizarte Etxean.
Begiratu programazioa eta eman izena. Zure zain gaude!